XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BERTSOZALEARENTZAT HIRU ZITA ASTEBURU HONETAN

Lea-Artibaik jantzi zuen berriro ere Bertsolari Gazteen BBK Sariketako txapela.

Kafe Antzokian jokatu zen sariketa horretako finala eta saioak Bizkaiko bertsolaritzak geroa ondo segurtaturik duela frogatu zuen, handiek edozein bertsolarirekin parez pare jarduteko moduan daudela erakutsi baitzuten, akats batzuk gorabehera eta txikien mailan ere oso bertso politak entzun baitziren.

Bilbok 394,5 puntu atera zituen.

Lea-Artibaik, ordea, 405,5 puntu.

Jon Lopategik saioaren bukaeran adierazi zuenez, 50 bertsolari gaztek hartu dute parte sariketa honetan eta tartean oso bertsolari politak daude.

Iaz eta aurtengo edizioen nobedadea Bilboren gorakada izan da.

Egia da Bilboko taldean kanpoko errefortzuak daudela, herrietatik ikasketak egitera bertara joan diren bertsolariak, baina egia da, baita ere, taldean euskaldun berriak ere badirela, Marta Ortiz, esate baterako.

Bizkaiko bertso harrobia

Lea-Artibaik kendu zion Bilbori atzo Kafe Antzokian jokatu zen Bertsolari Gazteen BBK saria.

Bilboko taldeak badira bertsolari batzuk euskaldun berri direnak.

Oso maila polita atzo jokatu zen finalean.

BILBO

Joxean AGIRRE

Marta Ortiz Bilboko taldeko handien mailako bertsolaria da.

Aita Burgoskoa da eta amak, tolosarra izanik ere ez daki euskararik, bere gurasoak ere kanpotarrak zirelako.

Hala ere, Martak ez du inolako arazorik zortziko txikian bere lagunei ziria sartzeko.

Kirikiño ikastolan nabil eta hor hasi nintzen bertsolaritza lantzen, baina orain dela hiru bat urte arte ez nuen zaletasun berezirik erakutsi.

Oso berandu hasitako bertsolaria naiz beraz, esaten du.

COU egiten ari da eta datorren urtean euskal filologia egitera joango da Gasteizera, baina han ere bertsotan segitzeko asmoa du.

Azkenean lagunartea da bertsolaritzan kontatzen duena.

Ni Santutxuko bertso-eskolara joaten naiz eta hango lagunekin ibili ohi naiz egunero.

Giroa da gustatzen zaidana, seinalatzen du.

Ez da euskaldunberri bakarra.

Matxalen Zabaljauregi eta Urtzi Urrutikoetxea ere bilbotarrak dira, nahiz eta hauen kasuan ama edo aita euskalduna izan.

Paiatarrak, Bilboko taldekoak badira ere, Algortakoak dira eta amak ez daki euskaraz, saio askotara joaten bada ere.

Atzo, esate baterako, han egon zen bi semeen saioa entzuten.

Bai, ni ere ohartzen naiz noiz kantatzen duten ondo edo gaizki, esaten zuen, bere alaba txikiarekin bertsoak entzuten ari zela.

Lopategi pozik

Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren antolatzaile BBK da, noski, baina bankuarekin batean antolatzaile dira Bizkaiko Bertsolari Elkartea eta Bizkaiko Ikastolen Elkartea.

Ikastolen izenean igo zen, beraz, Jon Lopategi atzo Kafe Antzokiko agertokira sariak banatzera.

50en bat bertsolari gaztek hartzen dute parte txapelketa honetan eta sekulako giroa sortzen da beren artean.

Orain dela urte bautzuk ere baziren bertsolari politak gaztetxoen artean, baina nire ustez giroa zabaltzen ari da urtetik urtera, zioen Euskal Herriko txapeldun ohiak.

Txikien mailako bi hirukoteen arteko saioarekin zabaldu zen finala eguerdiko 12ak ondo paseak zirenean.

Agurrean bertan egin zuen Alfredo Paiak euskaldunberriei buruzko aipua.

Sorpresa ona da Bilbo Handikoak final honetan gaudela
euskaldun berri naizen ezkero gaur frogatu dut honela
gaurtik aurrera bertsolaritza denen eskura dagola.

Txikien (17 urte bitartekoen) saioan kartzelako gaia izan zen beharbada ikusgarriena.

Eta Alfredo Paiarenak izan ziren onenak.

Zer dela eta sartu zinen bertsolari? puntua jarrita, honela erantzun zuen: Egin gura nuelako hainbat bertso-afari
ona izan ezkero lortuz zenbait sari
zer nahi duzu egitea izanda hain nagi
.

Bertsorik politenekoa ondorengoa izan zen.

Mandalunizek azken puntua eman zion: Hainbat izerdi ta hainbat behar eta gero kaka zaharra.

Algortan bada ikastola bat handia bezain edarra
hainbestek hori xedetzat hartuz jaurti du bere indarra
gure kaletan erdara dugu entzuten dugun bakarra
hainbat izerdi, hainbeste behar eta gero kaka zaharra
, erantzun zuen.

Hemendik 20 urteko Euskal Herriari bertso bat botatzeko agindu eta honako hau bota zuen: Nik ikusten dut Euskal Herria euskalduna ta apala
estatu espaniar inperialista alboan utzi duala
kaletan zehar jendea pozik, kezkarik gabe bezala, utopia bat dirudi baina, esan behar ikusi ahala
etorkizuna eguneroko borroka baino ez dala
.

Handiak gogor

Handien bertsoak hautatzen hasiko bagina, ez genuke bukatuko, maila oso txukuneko saioak egin baitzituzten gehienek.

Agurrean nabaritu zen gazteok ez zetozela denborapasa.

Ur botilak kristalezkoak zirela ohartzean, BBKren kontra koktela egiteko balio zezaketela bota zuen Arkaitz Estiballesek eta idea bera erabili zuen berriro ere saioa bukatu eta gero, azken agurrean.

Hontaz ikusi koktelarena ez da izan zalaparta hasi zuen bertsoa eta honela bukatu zuen: Kolpe batean bi euli ditugu orain hiltzeko aukera
Sabin Etxea eta BBK, gauza bera dira eta
.

Hortik atera kontuan zer planetan etorri ziren Santutxuko bertso-eskolan entrenatzen diren batzuk.

Marta Ortizek eta Joseba Artzak oso saio polita egin zuten 8ko nagusian eta oraindik politagoa, final osoko onena seguru asko, Leire Bilbaok eta Arkaitz Estiballles gai bero samar baten inguruan: Ama eta semea zarete. Arkaitz, semea, etxera etorri da eta maitasuna egiten harrapatu du ama, Leire, sukaldean aitarekin.

Leireren bukaera bat ikusgarria izan zen: Butaneroarekin egin omen dut tratua
baina utzi dezagun nire bekatua
sukaldea baitugu leku sakratua
gose denak asetzen ditugun lekua
.

Eskerrak enteratu naizela ni garaiz
gizonekin zabiltza gau eta egun maiz
Amatxo, ezin naiteke ibil aurpegi alaiz
igual panaderoaren semea izango naiz
, erantzun zion Estiballesek.

Handien saion gisako edo antzeko bertso txukun asko entzun zen.